2014/07/01

 [> EN CASTELLANO <] - [> EUSKARAZ <]

VITORIA-GASTEIZ, NEKAZARITZAKO ELIKAGAI-SISTEMA JASANGARRIAREN ALDE (ADIERAZPENA)

Bai erakundeek baita Gasteizko herritarrek ere bizi-kalitatearen hobekuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko jarrera erakutsi dute azken hamarkadetan. Jarrera horren erakusgarri ditugu, besteak beste, honako hauek: gizarte-etxeen sarearen erabilerak izandako arrakasta, Eraztun Berdea gauzatu izana, uraren kudeaketan emandako etengabeko hobekuntza eta zaborren trataerarako politika, higikortasun iraunkorraren testuinguruan gauzatutako oinarrizko aldaketak eta, batez ere, bertako elikagai osasuntsuen aldeko sentsibilizazioa eta eskaera.

Hala ere, nekazaritzako elikagaien inguruko kezkak behar bezala bideratu gabe jarraitzen du, kezka horren inguruan gauzatutako ekitaldi eta esperientzia ugariak gorabehera. Ekitaldi eta esperientzia horiek gehienetan kezka horrekin inplikatutako eta kontzientziatutako eragileek bultzatutakoak izan dira; beste kasu batzuetan, aldiz, udalak berak bultzatutakoak (aisialdirako baratzeak, Haurreskoletako jantokiak, etab.). Nekazaritzako elikagai-sistemarekiko arreta urriaren erakusgarri ditugu, bestalde, azken urteetan argitaratutako zenbait dokumentu. Adibidez: Ingurumenaren Kongresu Nazionalaren itxiera-ekitaldian irakurritako 2012 Gasteiz Green Kapitalaren Adierazpena.

Gasteizko udalerriak 60 nekazalgune baino gehiagok ditu. Bertan jarduera ekonomiko nagusia, eta ia bakarra, nekazaritza da. Hala ere, landutako lur gehienetan laborantza estensiboa da nagusi eta bertako kontsumora bideratutako ekoizpena ia hutsaren hurrengoa da.

Gasteizko udalerrian 11.000 hektarea lantzen dira. Horietatik 7.700 hektarea zerealak lantzeko erabiltzen dira, 1.000 hektarea abereak bazkatzeko larreak dira, 900 hektarea beterraba (erremolatxa) lantzeko, 300 hektarea patatarako, 900 olio-landare, proteaginoso edota bazka-laborantzak landatzeko; eta soilik 60 hektarea dira baratzerako, lekaleak edota fruta-arbolak landatzeko erabiltzen direnak. Udalak inoiz garatu dituen ingurumen-planek ere ez dute errealitate hori kontuan izan eta plan horiek mamitzerakoan udalak ez du kontuan hartu izan iritzi propioa duten herrietako biztanleen ikuspegia. Plan horiek “herriei buruz eta herrientzat hitz egiten dute baina herritarrekin gabe”. Lurraldea Antolatzeko Planek ere ez dute gehienetan jasotzen biztanleguneen hurbileko nekazal ekoizpena mantentzeko irizpiderik (LZP Lurraldeko Zati-planak, LAG Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroak).

Biztanleria-datuak eta Gasteizko hiritarren elikadura-ohiturak kontuan hartuta, egunero gure udalean 800.000 janari-anoa baino gehiago zerbitzatzen dela pentsatzera garamatza. Horrek, elikagaiak gure bizitzaren eremu guztietan eragitea dakar (etxea, supermerkatua, denda txikia, makina saltzaileak, jangela publikoak, jatetxeak, etab.). Era berean horrek guztiak nekazal elikagaiak etengabe produzitzea, garraiatzea, merkaturatzea, prestatzea, kontsumitzea eta baztertzeko beharra dakar.

Elikagaien ekoizpenari dagokionez, ekoizteko bideak estentsiboak izaten dira nagusiki: ongarri inorganikoak, makinak, herbizidak, genetikoki eraldatutako organismoak (Araban laborantza transgenikoak oraindik existitzen ez diren arren) eta abarren erabileran oinarritutakoak. Ingurumenean ekoizpen-sistema horiek sortzen dituzten kalteak agerikoak dira, besteak beste, bioaniztasun galera nabarmena, lur higadura, nitritoek eta pestizidek kutsatutako urak… eta horiez gain, ekoizle komunitateetan ere eragina daukate. Elikagai horien kontsumitzaileek ez dute ekoizpen-sistemaren edota ingurumenean sortutako kalteen inguruko informaziorik izaten ezta ardura ere, eta iraunkortasun irizpide ororen gainetik prezioak agintzen du.

Horrela ekoiztutako elikagaiak merkaturatzeko bolumen handiak bildu eta garraiatzen dira kontsumitzaileenganaino. Horretarako energia asko behar da, energia-iturri ez berriztatzaileetatik sortutako energia batez ere --horra hor petrolioa--. Horren ondorioz, egungo elikadura sistema petrolioren deribatuen menpean dago (ongarri inorganikoak, erregaiak, plastikoak, etab.). Hori dela eta, sistema ahul geratzen da hurrengo urteotan espero den prezio igoeren aurrean; izan ere, hori gertatu zen 2006-2008 urteetan. Petrolioaren prezioak gora egin ahala, elikagaien prezioek ere gora egin zuten. Erresuma Batuko hiri batzuetan, balizko hornidura eza bati aurre egiteko gai izateko ekintzen alde egin dute hiri horietako Erakundeek.

Beste alde batetik, egungo kontsumo bideek hondakin ugari sortzen dute. Izan ere, ekoizten diren elikagaien %30-50 ez dira kontsumitzen, eta elikagaien ontziratzeak hiri-hondakinen %30 sortzen du.

Hori gutxi balitz, Elikadura Behatokiaren txostenen arabera, gure inguru gertuenean ere dieta desorekatuak nagusitu egin dira (fruta, lekale eta barazki gutxi, eta animalia jatorriko proteina gehiegi). Horren ondorioz, gizartean gizentasuna, diabetesa eta hipertentsio arazoak agertzen dira, gero eta gehiago, bizi-kalitatean eta osasun sisteman eragin zuzena daukatenak. Argi dago elikagai osasuntsu eta garbien kontsumoak gizartearen osasuna hobetuko lukeela, osasun sistemaren mesederako.

Elikagaia gure bizitzaren oinarria izanik, egungo krisi ekologiko, ekonomiko-finantziero eta sozialari buelta emateko gakoa izan daiteke, eta izan behar du, bai gizartean oro har, bai gure hirian. Lana eta garapen ekonomikoa sortu ahal dituelako, baita kontsumo bide osasuntsuak ere. Bide horretan, klima aldaketari eta energia krisiari aurre egiteko jarrera egokiak sustatuko ditu, kutsadura eta isurketak murriztuz; halaber, gizarte desberdintasunak eta pobrezia gutxitu ahal ditu.

Horretarako, hiritarrak ohartaraztea baino, beharrezkoa da jendeari hitza eta boterea ematea, bertako elikagai osasuntsuak eta iraunkorrak ekoizteko, merkaturatzeko eta kontsumitzeko bide berriak bultzatu eta sortzeko; eta horiek sor daitezen behar den babesa ziurtatzea. Sortzen diren eta sortuko diren ekintzen sinergia eta elkarlana ezinbestekoa da, ekintza horiek gizartean oihartzuna izango badute, eta elikadura bide hauetatik at bizi diren pertsonak erakarriko baditugu.

Nortzuk gara?
Pertsona talde bat gara, norbanakoak eta hainbat talderen izenean aritzen garenak. Gure ustez, tokian tokiko nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriagoa izan daiteke eta izan behar du, honela:

Elikagai osasuntsuak (hondar kimikorik gabeak), osasungarriak, nutritiboak eta herritar guztientzat (kontsumitzaileentzat, nahiz ekoizleentzat) prezio duinean egoteak, gure eskubidea izateaz gain, politiken diseinuan lehentasuna izan behar du;

Lan enplegua, eraikitze soziala eta guztien ongizatea lortzen laguntzen duen nekazaritzako elikagaien sisteman oinarritutako jarduera ekonomikoa sustatzea.

Tokiko produkzio, horniketa eta elikagaien kontsumoaren sustapena. Horiek, ekosistemak ematen dizkigun baliabideak sortzearekin konpromisoa izango dute, eta bertako lurralde sistema ekologikoagoa eta jasangarriagoa ziurtatu eta bultzatuko dute, landa eta hiri eremuen interesak ahaztu gabe.

Landa eta hiri eremuetan biztanleria, kultura eta jardueraren oreka mantentzea, betiere eremu txikienetako jarduera tradizionalak babestuz.

Nekazaritzako elikagaien sistema jasangarria eta tokian tokikoa aintzakotzat hartu eta errazten duen lurraldearen antolamendua, nekazal lurren egiazko babesaren ziurtatuz.

Emakumeen garrantzia aitortu, goraipatu eta agerian uztea produkzio, kultura, merkataritza, nekazaritza elikagaien enpresa-proiektu, familia-lan eta abarretan.

Produktuen jatorria, prestakuntza, produkzio sistema eta abarren inguruan elikagaiei eta merkataritza puntuei atxikitzen zaion informazioa gardena eta egiazkoa izatearen alde egitea.

Elikagaien kontsumoari lotuta dauden elementu nutrizionalak, organoleptikoak, kulturalak eta emozionalak azpimarratzea egiten diren ekintzetan (hezkuntza ekintza, sentsibilizaziokoa eta partekatutako arduratzea sustatzeko ekintzak).

Bat gatoz European Green Capital-eko “Propuestas para la Reflexión” dokumentuan adierazitakoarekin. Zenbait ataletan nekazaritza elikagaiei erreferentzia egiten die; nahiz eta berezko entitaterik eta loturarik gabe agertzen den:
 
“Ingurumena errespetatzen duen nekazaritza mota berria eta produkzio, merkataritza eta kontsumo- ziklo motzen eta zentzuzkoagoen bultzatzea. Modu horretan, elikadura segurtasuna areagotuko da eta hiriaren hondar ekologikoa murriztea lortuko da.”

“Nekazaritza sektore estrategiko eta elementu gakotzat hartzea lurraldearen iraupenerako”

“Hiriak lanpostu berdeak bultzatu beharko lituzke, batez ere (…) nekazaritza elikagaien kalitatezko produkzio ekologikoen sektoreetan.

Landa eremuari arreta berezia ematea, nekazaritza elikagaien bioprodukzioa bultzatuz. Bertako entitate txikien multzoak epe motz eta luzerako inbertsio-plana izateko aukera izan beharko luke helburu, programa eta esku-hartze zehatzekin. Helburu hauen artean, gaur egungo produkzio eredutik hurbileko merkatuetara zuzenduta dagoen kalitatezko produkzio ekologikora aldaketa progresiboa barnebildu behar da.

Beharrezkoa iruditzen zaigu...

Posible izan dadin, hainbat ekintza burutu beharko dira hainbat esparrutan:
 
A) Biztanleria-eremuari dagokionez, lehendik hasitako ekimenekin aurrera jarraitu, eta haien eskala handiagoa lortzen saiatu, haien kohesioa eta zabalkundea handituz. Hainbat dira azken urteotan udalerriko eta lurraldeko talde askok bultzatu dituzten esperientziak, eta helburu azpimarragarriak erdietsi dituzte, adibidez:

Ekoizpen ekologikoak eta nekazaritza ekologikoaren ekoizpenak ugaltzea gure inguruan.

Hurbileko elikagaien eta nekazaritza ekologikoaren produktuen kontsumoa handitzea, merkaturatze-zirkuitu laburrak erabiliz.

Jasangarritasuna helburu, merkataritza eta kontsumo arduratsuaren aldeko jarrera sustatzea.

Elikadura-eredu berrien zabalkuntzari laguntzen dioten praktika onen berri hedatzea.

Alternatiba praktikoak prestatzeari buruzko gogoeta eta ko-ikasketa guneak sortu dira. Horietan parte hartu dute, besteak beste, ekoizpenean, gizartean, erakundeetan, heziketa esparruan, enpresetan dabiltzan pertsonak.

Diziplinarteko ikuspegien aldeko interesa piztea, elikadura-estrategia bat diseinatzeak duen konplexutasunean sakondu ahal izateko.

Tamaina txikiko jarduera kolektiboak, osasunarentzat, ingurumenarentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat onuragarria den elikaduraren abantailak esperimentatzeko: hazi-sarea, hiriko baratzeak, gustuaren laborategiak, baso jangarriak, sukalde-eskolak...

Halako bide bat egina duten lan-lerroak indartzea eta sortzen diren berriekin uztartzea funtsezkoa da gure hiriko eta inguruko herrietako gizartearentzat nahi dugun elikadurari eutsi ahal izateko.

B) Udalari dagokionez, honakoak dira azpimarratzekoak:

- Nekazaritzako elikagaien gaia landuko duen organo misto (publiko-pribatua) espezifiko bat eratzea. Hartara, parte-hartze prozesuen bidez, bai sailen arteko elkarlana, bai herritarren eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza erraztuko da.

- Merkatu, elikadura eta nekazaritza arloetan eskumena duten beste erakunde batzuk inplikatzen saiatzea, denok norabide berean aurrera egiteko.

- Egun gure udalerrian erabiltzen den elikagai sistemaren diagnostikoa egin dadin bultzatzea, erraztea eta, beharrezkoa balitz, prozesuaren buru izatea. Era berean, datozen urteei begirako hiri-udalerri ereduaren definizioa zehaztean nekazaritzako elikagaien auzia kontuan hartuko dela ziurtatzea.

- Organo mistoari begirako informazio guneak sortzen laguntzea (web orrialdeak, posta zerrendak…). Horrela, abian diren ekimenen inguruko informazioa zentralizatu eta zabaldu ahalko da.

- Bertako ekoizleen merkatuak sustatzea: aldizkakoak (astean behingoak) eta, ahal izanez gero, ekologikoak. Ez betiko tokietan soilik; baizik eta hiriko auzo berrietan ere. Hartara, auzokideen bizimodura egokituko dira eta bertako ekoizpen eta kontsumo topaleku bihurtuko dira.

- Jatorrian udal edota auzo merkatuentzat erabiltzen ziren instalazioak berreskuratzea nekazaritzako elikagai-sistemak dituen helburuen mesedetan; bai lankidetza publiko-pribatuaren bitartez (adib.: kontsumitzaile eta ekoizleen elkarteak), bai elikagaiak merkaturatzeko zirkuitu laburrak ahalbidetuz (adib.: saski banatzea).

- Trantsizio agroekologikoak eta nekazaritza ekologikoa sustatzea hirian bertan eta baita ingurumarietan ere: maila txikian norberaren kontsumorako (adib.: eremu publikoetan antolatutako baratzeak: parkeetan, eraztun berdean zehar, ikastetxeetan, jatetxeetan…) nahiz maila profesionalean (adib.: Basaldea proiektua).

- Nekazaritza eta basozaintzako usadioak kontuan hartzea hiria antolatzeko orduan. Horretarako, hiri-nekazaritzarako erabiltzen den lurzoruetan baso jangarriak sustatzea.

- Bertako elikagaiak, kalitatezkoak eta, ahal izanez gero, ekologikoak jantoki publiko gehiagotara zabaltzen jarraitzea; baita gainerako udal eremuetan daudenetara ere (adib.: Gizarte Ongizatea); betiere, aurrerakuntzak osasunari eta erabiltzaileen —batez ere haur eta adinekoen — asebetetzeari lotuta. Era berean, irizpide bera erabil daiteke ekitaldi publikoetan edota gizarte etxeetan (nahiz udalaren menpe dauden zentroetan) eskaintzen diren formazio jardueretan erabiltzen diren elikagaiak aukeratzean.

Europako hainbat hirik (Malmö, Copenhague, Edimburgo, Tukums, Basilea…) eta baita gure ingurune hurbileko beste herri batzuek ere (Urduña, Zarautz, Noain…) apustu argia egin dute nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriagoa lortze aldera . Horretarako, lankidetza publiko-pribatuaz baliatu dira eta hiri-estrategian txertatu dute. Gasteizko Udalak hiri horiek eskaintzen duten ereduaren ildotik lanean jarraitu beharko lukeela uste dugu.

Labur esanda,

Prest gaude parte-hartze prozesuetan jo eta ke lanean jarraitzeko eta erakunde eta sailekin elkarlanean aritzeko bideak eta aukera berriak bilatzeko. Helburua, nekazaritza eta elikaduraren auzia Udalaren agenda politikan txertatzea da, goian adierazitakoetan oinarrituta.


Baina, batez ere, gure udalerriko sarea osatzen duten pertsona guztiei dei egiten diegu gure gizarteak dituen erronka saihestezin horiei aurre egiteko prozesuan parte hartzera.

ADIERAZPENARI AGERTUTAKO ATXIKIMENDUAK (2015ko irailaren 30era arte):

  > ELKARTEAK <
- Agrotravel Turismo Responsable
- Arabako Ekologitak Martxan
- Asociación Ekologista Ekozaleak
- BioAlai
- Bionekazaritza
- Biosasun
- Bosques Urbanos Comestibles de Vitoria-Gasteiz BUC V-G
- Cesta Urbide S.C.
- Coordinadora de ONGD de Euskadi
- Economía del Bien Común-Euskadi
- Ekaia Eko-Gestión
- Ekobazter
- EQUO Vitoria-Gasteiz
- Fundación Zadorra
- Huerta de Arkaia
- Mugarik Gabe
- Naturarekin 1 Asamblea ecologista del Campus de Álava
- Ongi Etorri
- Osasunbizi Allegrat
- PlanBIKO, por el Bien Común
- Slow Food
- Solidaridad Vedruna SOLIVE
- SOS Racismo Araba
- Tramahuertas
- Zentzuz Kontsumitu


> PERTSONALAK < 
- Aitor Amilibia
- Ana Lafuente López
- Ane Galarza
- Angel Fernández de Labastida
- Ángela Castro
- Bittor Rodríguez (Observatorio Nutricional de Vitoria-Gasteiz)
- Eduardo Urarte
- Elvira Calviño
- Eukene Rueda
- Henk Renting (Fundacion RUAF - Red Internacional de Centros de Recursos sobre Agricultura Urbana y Seguridad Alimentaria).
- Idoia Jalón Ayarzagüena
- Irene Vila

- Javier Goikoetxea Seminario
- Jokin Lapaza
- José Ramón Mauleón
- Koldo Rey
- Lourdes Oñederra
- Nora Ortiz de Guinea
- Patxi Lauzurika
- Rakel Oion
- Roberto Ruiz de Arcaute (Asesor Agroecológico)
- Soledad López Agirre
- Txema Ruiz de Apodaka